martes, 19 de noviembre de 2013

*Nola amaitu gara museo batean





*Gudarikings-ek, 2008ko abuztuan sortutako Komando Anonimoak, 2013ko apirilean burututako asanblada bitartez eta aho batez, bere jarduera aktibo eta aktibista bertan bera uztea erabaki du. Egun, irudi bat behin eta berriro berproduzitzeko gaitasunak jatorrizko irudia gainditzen duen garai hauetan, gure armak behin sortu ziren berezko lekura itzultzera behartuta ikusi ditugu geure buruak. Erabaki hau erreza eta hausnarketa gabekoa izan da. Asanblada argia eta ahobatezkoa izan da.


*Gudarikings artearen baitan feminismoa aldarrikatzeko beharretik jaio zen. Gure borrokagunea museoak izan dira beti, galeriak eta arte eta kultura-guneak. Gure gorputzek ere, borrokaguneak diren heinean, sufritu egin dute. Arerioa edonon aurkituko dugula eta irabazteko hamaika borroka daudela jakin badakigu. Elkarrenganako errekonozimendua ere ez da gure trintxerakidea izan.






Baina dena ez da borroka eta sufrimendua izan bidaia honetan, elkartasun haundia topatu dugu, sareak osatu ditugu, asko ikasi dugu, gure buruak elkar konpartitu nahi izan dutenei hegoak eskeini ahal izan diegu eta prozesu horretan argi izpiek zeharkatu gaituzte ere. Gauzak gertarazi ditugu, topaketa literario bat, arte erakusketa bat edota kultur gune baten sarrera aldarrikapena bihurtu ditugu. Erabateko zintzotasunetik egin dugu, gure buruak arriskuan jarriz beti.

Gure armak, gure arimak bezala, tintazkoak dira, paperezkoak, artilezkoak, zeluloidezkoak. Pixelak dira edo manifestu batean inprimatutako izkiak. Gure identitatea, gure buruak estaltzeko baino gure mugimendua ikusgarri egiteko sortua izan zen kaputxa baten paradoxa, egun ohiko objetua bihurtu da, folklorearen partea da ia jadanik.

*gudarikings white house-n 2009ko apirilean


*gudarikings 2010 abenduko feministaldia


Beraz, orain 1000 irudik une batek baino gehiago balio dutenean, gure buruak entregatzea erabaki dugu. Errepikapenaren indarrak, erreprodukzioarenak, jatorrizkoa ia igarriezina bihurtu eta zentzuaz husten du. Hau dela eta, gure kaputxak eman eta historiaren baitan gera daitezen erabaki dugu.

Erakusketa txiki honetan gure ekintza garrantzitsuenak ikusgai daude. Betirako jasota gera dadin.

Bilbon, 2013ko maiatzak 6


*k/a